Aireportuaren udako ordutegia luzatzea aztertzen dabil AENA, Vueling hegazkin-konpainiak hala eskatuta.
Zehazki, hegaldiak ordu erdi bat lehenago hastea nahi dute, 06:15ean; eta ordubete beranduago bukatzea, 00:30ean. Zamudio, Derio, Loiu eta Erandioko alkateak ordutegia luzatzearen kontra azaldu dira.
(Aikor)
“Horrela eginez gero, ondoko udalerriotan soinu-presio handiagoa jasango genuke eta ondorioz, bizi-kalitatea eta atsedenerako eskubidea galduko genituzke”, esan digu Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak.
Begoña lehen aipatutako udalerrien bozeramailea da eta bere iritziz, ordutegia luzatzeak ez dio onura ekonomikorik ekarriko ez Bizkaiari, ez Euskadiri; ezta balio erantzirik ere. “Gaur egungo ordutegiarekin Lurraldearen garapena eta sustapena bermatzen ditugu”.
Horren haritik, argi utzi du ez dutela Lurraldearen etorkizuneko garapena oztopatu nahi, “baina ez dadila izan Txorierriko udalerrien eskubideak eta interesak murriztearen truke, eta are gutxiago aire-konpainia baten negozio-interes hutsagatik”.
AENAk datorren martxo aldera jakinaraziko du bere erabakia, aireportuaren udako ordutegia luzatzeari buruz. “AENAk, hau da, Gobernu Zentralak, udalerri mugakideon kontsentsu, onarpen eta oniritzirik gabe, aldebakarreko erabakia hartzen badu, aurrez aurre izango gaitu gure auzokideen eskubideak defendatzeko”, esan du Begoñak.
Azkenik, Frankfurteko aireportua ipini du adibide. Alemaniako justiziak gaueko hegaldiak debekatu zituen bertan, biztanleen osasuna eta ongizatea babestearren. Udalerriak eta EANA urrian batzartuko dira gaiari buruz hitz egiteko.
Aikor Aldizkaria.