Alkatetzarako proposatu izana hartu du “ilusioz beteta eta gogotsu, eta kalean, herrikide eta elkarteekin lankidetzan aritzeko konpromisoarekin”.
Loiuko EAJ-PNVren Udal Erakundeak duela urte bete izendatu zuen Josu Andoni Begoña Loiuko alkatetzarako zerrenda-buru. Begoña, udaleko alkate ordea da gaur egun eta maiatzean bi legegintzaldi egingo ditu Loiuko zinegotzi gisa, lehenengo Ekonomia eta Ogasun arloan eta gero Kulturan eta Kirolean. Alderdikideek alkategai izendatu ondoren, hurrengo hauteskundeetan oraingo alkate Bizente Arteagagoitiaren lekukoa hartzea bilatuko du, azken honek alkate gisa hiru legegintzaldi beteko dituelarik.
Josu Andonik EAJ-PNVri eskertu dio berarengan jarritako konfiantza, eta azken urteotan eginikoak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du “Loiuko herritar guztien aldeko jardunean segituko dugu, herri hau bizitzeko toki atsegin izateaz gain, etengabe aurrera egiten duen udalerria ere izan dadin”.
Erraz aurkituko duzu Loiun gazte eta nagusiekin hizketan. Irakaslea da lanbidez eta hurbila da auzoko eta herrikideekin. Hautagai izatea “ilusioz beteta” hartu du “konpromiso irmoa daukat eta kalean lan egiten segitzeko gogotsu nago, herritarren eta elkarteen ondoan”. Udalean izan dituen karguez gain, Euzko Gaztediren Aberri Kontseiluko kide izan zen eta une honetan da EAJ-PNVren udal bozeramailea. Ibilbide horrek lagundu dio udalerriaren beharrak eta udal kudeaketa behar bezala ezagutzen.
Hurrengo urteei begira, Begoñak azpimarratu nahi izan du “Loiuren etorkizunerako egitasmo berri eta berritzaileak” gauzatzeko ilusioa duela. Hauteskunde egitasmoa egiteko orduan pentsatu dituen lehen ideiak azaldu ditu ” Kulturarako azpiegitura bat gauzatu nahi dugu, gure herriaren izaeraren araberakoa,eta haurreskola jarri nahi dugu martxan. Zerbitzu honen egiazko beharra aztertu behar dugu eta kokapen egokia bilatu. Aldi berean, Loiuko garraio publikoa ikuspegi berritzaile batetik aztertuko dugu” esan du.
Kirolzalea da, bereziki mendiko probak. Ekainean nazioarte mailako proba entzutetsua amaitu zuen, Hiru Handiak izenekoa, 100 kilometrokoa.